PSOE 1975-1978 eta sujeto politikoaren aitorpena Estatuaren egituraketa konstituzionalean.

      Mikel Aldasoro Jauregi


      3- Francoren heriotzaren ondotik: zaharra nola berritu edo berria nola sortu, hortxe koxka

      Alderdi Sozialistak 1974ko urrian Souresnesen buru zuen biltzarra da aztertu dugun azkena eta, estatututan agindutakoak eskatu bezala, hurrengo biltzarra 1976ko abenduan elkartu zen. Hala ere, denbora tarte honetan garrantzi haundiko gertaerak emango dira Estatuko bizitza politikoan eta PSOEk egunez egun hartu beharko du jarrera hauen aurrean. Zalantzarik gabe gertaera garrantzitsuena diktadorearen heriotza izan zen. Erregimenaren buruzagitzak gauzak lotuta eta ongi lotuta zituela errepikatu arren, ia denek aurreikusi bezala Francoren heriotzaren ondotik gertaera politikoak azkartu ziren eta aldaketa amesten zuten oposizioko indarrek irekita zekusaten diktadura gainditzeko bide emango zien zirrikitua. Honekin ez da esan nahi diktadorearen heriotzak ezinbestean eta era ekidin ezinean demokraziaren bidea zabalduko zuela iragarrita zegoenik, aldaketarako aukera sendoak zabaltzen zirela baizik, urtetan zain egondako aldaketak gainera. Baina, kasu!, berrogei urtez ehundutako aparato ekonomiko-burokratiko-legal-militarrak bestelako bilakaera izateko aukerak ere agerikoak ziren. Oposizioa horren jakitun zen eta alderdi bakoitzak bere lekua hartu zuen, bai erregimenaren aurrean, bai gainontzeko alderdien aldean.

      Francoren zerraldoaren lurperatzeak iragan eta ondoren bat ezarri bazuen Estatu Espainiarreko bilakaera politikoan, nabardura haundiekin baina bai gutxienez inflexio puntu bat Estatu burua aldatu zelako besteak beste, ikus dezagun nola lotzen diren PSOEren lerro politikoaren garapena eta aipatu denbora politikoaren zatiketa.

      Gogora ditzagun labur laburrean 1974ko PSOEren biltzarrak zertan utzi zituen ildo politikoaren ardatz nagusiak. Gizartearen eraldaketa zuten helburu eta horretarako tresna Estatuaren antolaketa demokratikoa (haustura demokratikoa). Demokraziaren ezinbesteko ezaugarriak berriz hauexek ziren, gizabanakoen askatasunen bermea (elkartzea askatasuna, adierazpen askatasuna...), amnistia eta nazionalitateen autodeterminazio eskubidearen onarpena. Nazionalitateen inguruko ebazpenean gehitu zuten Estatuaren lurralde antolaketari behin betiko irtenbideak autodeterminazio eskubidearen onarpena izan behar zuela ardatz, eta testuinguru horretan PSOEk Estatu federalaren alde egingo zuela, beti ere "klase ikuspegitik" erabateko askatasuna lortzeko.

      Souresneseko biltzarra eta hilabete eskas baten buruan, Alderdi Sozialistak kaleratutako agirian (PSOE: la ruptura democrática, 12 orr) berretsiko du Estatu Espainiarra osatzen duten nazionalitateen arazoaren irtenbideak ezinbestean onartu behar duela nazionalitateen autodeterminazio eskubidea, "zeinak nazionalitate bakoitzari erabateko askatasuna ematen dion Estatu espainiarra osatzen duten gainontzeko herriekin garatuko dituen harremanak zehazterako orduan". Adierazpen argia da, Estatu Espainiarra osatzen duten nazionalitateen burujabetza osoaren aitorpena eta beraz, nazionalitate kontzeptua nazioarekin parekatzen du nazioarteko zuzenbidean egokitzen zaizkion ondorio guztiekin: "erabateko autodeterminazioa" eta "askatasun osoa" erabiltzen ditu, ez dago bestelako irakurketarik egiteko tarterik. Oraingo adierazpenean ere PSOEk klase borrokaren ikuspegiaren baitan kokatuko du autodeterminazio eskubidea "Nazionalitateen Errepublika Federalaren" alde azalduz. Agiri berean onartzen dira "beste lurralde desberdinduak" eta azken hauei "ezaugarri bereziak direla eta nabardurei egokitutako erakundeak zein egiturak sortzeko" aukera aitortzen die. Nazionalitateei erabateko autodeterminazio eskubidea eta lurraldeei erakunde bereziak sortzeko ahala.

      Zertan datza ordea nazionalitate eta lurraldeen arteko aldea? Ez da erraza erabateko zehaztasunez desberdintzea baina arrasto batzuk agerikoak dira. Hots, PSOEren idazki eta artikuloak Euskal Herria, Catalunya edo Galiza (banaka edo batera) dutenean mintzagai "nazionalitate" hitza erabiliko dute, batzutan baita "nazio" ere. Estatu osoaz ari direnean "nazionalitate" edo "nazionalitate eta erregionalitate desberdinduak" kontzeptuak erabiltzen zituzten. "Nazionalitate Iberikoen" baitan Portugal sartzen zuten eta, berriz, gutxitan aurkituko da "erregionalitate berezitua" hitza lurralde zehatz eta bakar bati atxekia. Beraz, PSOErentzat Portugal, Galiza, Euskal Herria eta Catalunya beti ziren "nazionalitate", sarritan beste batzuei ere egokituko diete (Asturias, Andalucia, Gaztela eta beste) "nazionalitate" zein "erreginalitate" estatusa. "Erregionalitate berezituak" egon badaudela onartzen dute bestelako zehaztapenik eman gabe, kenketa matematiko-geografikoa asetzeko modukoa ez bada behintzat.

      Egitura eskasak eta bitarteko gutxi zituen PSOEk kezka bizia zuen edonon sortzen ari ziren ezkerreko alderdi txikiekin, zatiketekin, alderdi adarrekin, lurralde alderdiekin, iritzi taldeekin eta antzekoekin. Sozialistek ehun urteko ibilbidea zuten eta baita gizartearen zati haundi baten oroimen historiko ezkertiarra, baina euren ahuldadeen jakitun, atzematen zuten oposizioaren aitzindaritza zuzentzeko ezkerreko alderdien hizki zopak ez ziola mesederik egiten, are gutxiago horietako alderdi asko "sozialista" izendatzen zirelako. Zurrunbilo horretan lekua egin eta PSOEren izena goratzeko oso garrantzitsuak izango dira nazioarteko komunikabideen bultzada (bestelako alderdiek ez zuten halako aukerarik inondik ere) eta PSOE siglei etengabe erantsi nahi izango dioten sinesgarritasun historikoa, esperientzia, nazioarteko buruzagien babes sendoa, Estatuaren zuzendaritza hartzeko gaitasuna eta bultzatutako proposamenen oreka bideragarritasuna. PSOEk gizarte osoan masiboki zabaldu nahi zuen mezua baina Estatu barruko komunikabidetan agertzeko aukera eskasak buruhausteak eragiten zizkion, izan ere alderdiaren bitartekoak ziren mezua zabaltzeko baliabide nagusiak (aldizkaria, propaganda, panfletoak....) baina era berean urriak. Eta urritasun honetan ezkerreko alderdi, zatiketa, talde eta gainontzekoekin lehiatu behar zuenez, hizki zopa guztian bakoitza nor zen argi gera zedin ezinbestekoa zen mezuen zurruntasuna.

      Adibide esanguratsua da 1975ean PSOEk kaleratu zuen agiria (Haustura Demokratikoa, 54 orria). Alderdiak irizten dio "bizi dugun krisi egoeran sortzen ari den noraeza politikoak" PSOEren jarreren inguruko "argitasun iraunkorra" eskatzen duela. Sozialistek ohartarazten dute erregimen frankistaren baitatik kutsu aurreakoia duten adierazpenak jaurtitzen dituztela eta oposizioko beste zenbaitzuk ezkerraren gain uzten dutela indar eskuindarrak lehuntzearen erantzunkizuna. PSOErentzat hauek guztiak irudikatzen dute "betiko etsaiek etorkizuna klase arteko armonian antolatzearen alde egiten dutela". Sozialisten erantzunkizun itzala lantzeko kritikak ezker eskubi: "batzuentzat erregimenaren ahultasunak irtenbide erradikalenak eskatzen ditu. Beste batzuentzat estatu kolpearen aukerak jarrera bareagoa gomendatzen du". Eta noski, ondoren sozialisten kokapena: "Jarrera sozialistek ez dute ekintza demagogikorik arrazoitzen, ezta ezker erradikalena pozteko helburua badute edo eskuin zibilizatua baretu nahi badute ere".

      Argi gera bedi zein den PSOEren jarrea "arrazoizkoa" eta "zentzuzkoa", zeren haien ustez ez da gizarte eraldaketarik emango "ez bada zuhurtasunez ezartzen zein den helburua lortzeko bidea". Hori izango da PSOE "askatasunez adierazitako herri burujabetzaren ondorio izango den erregimen demokratikoa ezartzeko premi larria" eskatzera eramango duena.

      Alde bateko zein besteko kritikak baztertuta, erregimenaren inguruan aritu izan direnen "itxaropen idealistak" ere baztertuko ditu. Izan ere PSOEren ustez "benetako Zuzenbide Estatu batek onartu behar ditu gutxienez": alderdi politikoen askatasuna, askatasun sindikala, adierazpen eta bilkura askatasuna, greba eta manifestazio eskubidea, alderdi politiko zein sindikatuei ebatsitako ondasunen itzulpena, hauteskunde deialdia eta "nazionalitate iberiko guztien autodeterminazio eskubidearen aitorpena". Eta ohartarazten du aipatu "oinarrizko askatasunak mugatzea asmo duen edozein azpijoko politiko salatuko duela PSOEk". Beraz autodeterminazio eskubidea oinarri demokratikoa baino ez da Alderdi Sozialistarentzat, hori bai, ezinbesteko askatasun demokratikoa, baina "erradikaltasunetik, idealismotik eta demagogiatik" urrun, baina era berean "eskuina baretzeko" alboratu ezin daitekeen zuzenbide estatuaren ezaugarria eta "gizarte eraldaketa zuhurtasunez erdiesteko jarraitu beharreko bidea".

      Aipatu oinarri demoratikoek PSOEren baitan zuten garrantziak zuzeneko islada izaten jarraituko du alderdiak oposizioko indarrekin garatuko dituen harremanetan. Oposiziko taldeak biltzeko ahaleginak burutzen dira handik eta hemendik eta horrelakotan beti gertatzen den antzera, denek jabetzen dira bakoitzaren proposamen batzuk bigarren mailan geratuko direla elkarlanaren mesedetan. Nortasuna galdu gabe indarrak gehitzeko oreka zaila (are zailagoa nekez neurtu zitekeen oposizio zatikatua osatzen zuen talde bakoitzaren benetako indar ekarpena) lortzeko alderdi bakoitzak lehentasunen sailkapena burutzen duen bitartean, PSOEk harrotasunez haizetaratuko du edozein alternatiba demokratiko osatzeko ezinbestekoa dela sozialisten partehartzea eta haien erantzunkizuna ez dela langilerian amaitzen, "espainiako herri osoa" biltzen duela baizik (43).

      PSOEk bere burua kokagune pribilegiatuan ikusiko badu ere, nahitaezkoa irudituko zaio oposizioko talde guztien elkarlana, hori bai "irtenbide bilakatua" jorratu nahi dutenekin inongo hitzarmenik sinatuko ez duela berretsiz. Alderdi Sozialista pozik azalduko da oposizioko gero ta alderdi gehiagok bere egiten dituelako "haustura demokratikoaren" edukinak. Elkarlanaren emaitzetako bat da 1975eko ekainean osatu zen "Elkarguneko plataformaren" osaketa, non PSOE alderdiaz gain beste hamaika erakunde eta elkartek ere parte hartzen zuen (44). Talde honek sinatu hitzarmenak bete betean jasoko ditu PSOEren eskakizunak eta horregatik iritziko dio aurrerantzean "aro berri itxaropentsua" zabaltzen dela. Oinarri oinarrizko konpromezua da sinatzaileena, "haustura demokratikoa eman arte" iraungo duena eta beraz une honetatik aurrera talde bakoitzak bere bidea jarraituko du, oinarrizko hitzarmen taktiko-estrategikoa beraz. Plataformak lehentasuna emango dio arlo sozioekonomiko eta kulturalean erdietsi beharreko aurrerapenei "helburu politiko hutsekin bestelako loturarik izan gabe". PSOEk parte hartu eta txalotzen duen hitzarmen taktikoak aipamen zehatza egingo dio Estatuaren lurralde antolaketari laugarren puntuan, "autodeterminazio eskubidearen onarpena" sinatuz, "batzuek estatuaren antolaketa federalean zehazten dutelarik" (beste zenbaitzuk autonomi estatutoak eskatuko dituzte). Edonola ere, sujeto politikoen aitorpena da hitzarmenaren batasun gunea eta klase aldarrikapenak baino zehatzago gauzatzen da.

      Plataforma sortu eta hilabete baten buruan aurrekoaren soka bereko beste agiri bat kaleratuko dute hitzarmenaren oinarriak berretsi eta hainbat xehetasun gehituz (45). Bigarren agirian, aurreko erregimenarekin apurtuz herri burujabetzan oinarritutako prozesu konstituziogile baten alde hitza ematen duten oposizioko gainontzeko indarrei, "inongo bazterketarik gabe", elkarlanerako deia luzatzen diete. Plataformak bere aldetik publiko egiten du ardatz hauen inguruko konpromezua: egitura federaleko estatu demokratikoa, preso politiko nahiz sindikalen askatasuna, adierazpen askatasuna, greba eskubidea, erabateko bateraezintasuna egituraketa berria eta epaitegi berezien zein erakunde errepresiboen artean, langileriaren bizi baldintzak hobetzeko neurriak etab. Lurralde antolaketari dagokionez xehetasun esanguratsua erantsiko da oraingo honetan, hots, nazionalitate eta izaera bereziko lurraldeen "autodeterminazio eskubidea onartzea eta autogobernu erakundeen sorrera haustura demokratikoa ematen den une beretik" lortu beharreko gauza dela eta Estatuaren egituraketa federala proposatzen du. "Eta" konjuzio kopulatiboak argi adierazten duenez Plataformako kideentzat (PSOE barnean dela), autodeterminazio eskubidea onartzeaz gain nazionalitateen sujeto politikoaren aitortza prozesu konstituziogilearen oinarri oinarria izango dela bai denboran, eta beraz baita garrantzi politikoan ere.

      Alderdi Sozialistak garatzen zuen diskurtso politikoak, hausturaren oinarri demokratikoekiko lehialtasun zurruna oposizioko alderdiekin jorratu beharreko elkarlan taktiko-estrategikoarekin uztartzen zuen bai Plataforma osatu aurretik, bai ondoren. Uztarte hau gauzatu ahal izateko PSOEk oinarri demokratiko hutsak irizten dituen horiek baino ez ditu jasoko (autodeterminazio eskubidea, adierazpen askatasuna... kasu). Esan nahi baita oinarri demokratikoekin zuzen zuzenean lotzen ez zituen eskakizunak ez direla jasoko aipatu hitzarmenetan, PSOEren aldarrikapen ikurrak izanda ere. Halaxe gertatzen da borboien printzearen auziarekin. Alderdi Sozialistak "edozein irtenbide juancarlistaren aurka" agertuko da "haren biografia beltzagatik eta horrek guztiak etorkizuneko erregimen instituzionala baldintzatzea esan nahi duelako" (46). Beste batean (47) Elkargunea Plataformaren hitzarmenari erabateko adostasuna adierazten diola baliatuz, PSOEk berretsiko du "edozein irtenbide juancarlistaren aurka dagoela" eta, hirugarren adibide bat gehitzeagatik, 1975eko abenduan (Franco hil berri berria) sozialistek Pablo Iglesiasi omenaldia egin asmo ziotenean poliziak gogor astindu zituelako protestatuz "edozein irtenbide juancarlista bideraezina dela" iritziko diote. Hala eta guztiz ere, "irtenbide juancarlisten" aurkako konpromezua ez da zehazki aipatuko oinarri demokratikoen edukinetan (hitzarmenetan), baina bai ordea autodeterminazio eskubidea. Bigarren honek PSOErentzat zehaztasunez agertzeko adina garrantzi taktiko-estrategikoa bazuen nonbait.

      Aurrerago mintzagai izan dugun oinarri demokratikoekiko lehialtasun zurruna berriz, oztopo baino euskarri izango da elkarlanaren beharra azpimarratzeko, haustura demokratikoaren edukinetan bat egiten badute behintzat. PSOErentzat demokrazia erdiestea, askatasun demokratikoak gauzatzea zen lehentasun taktiko-estrategikoa eta demokraziaren oinarri oinarrian ados egonez gero (hauteskundeak, adierazpen askatasuna, autodeterminazio eskubidea...), aurrera egiteko prest, 1974ko abenduaren 11an (Plataforma Elkargunea oraindik sortzeke zela) gertatu bezala. Orduan PSOEk greba deialdi bateratua luzatu zuen Euskal Herrian ETA-V zein ETA-VIrekin batera, besteak beste (48). Grebaren arrakasta baloratzerakoan Alderdi Sozialistak oposizioko taldeen batasuna aldarrikatuko du eta gogor kritikatuko ditu bai PCE, bai CCOO, frankismoaren aurkako herri borrokak galgatzen saiatzen direla salatuz eta, gaineratu zuten, Junta Demokratikoaren hitzarmenean indar burgesen zein erregimenaren inguruko taldeen ("militarrak") interesen menpean ari direla.


      3-a. Ezkil hotsekin batera leku hartzera

      Aurkibidea Etxera